Erantzun feministak Bilguneko Miren Aranguren

Miren Aranguren
miren-aranguren.jpg

Bilgune Feministako kidea

2011-06-23 – 10:00

Emakumeek eta gizonek jaietan parte hartze parekidea izan dezaten, Emakumeok Plazara proiektua abian jarri du aurten ere Bilgune Feministak. Jaietan etxeko lanak egiteaz gain, gizonek bezala parte hartzera deitu dute. Sexu erasoak salatzea ere helburu du. Jaietan ikuspegi feminista txertatzeko garaia dela uste dute.

Erantzundako galderak

13

G. Amaitu da elkarrizketa digitala. Eskerrik asko Mireni irakurleen galderak erantzuteagatik, eta eskerrik asko irakurleei galderak egiteagatik. BERRIA.INFO

E. Plazer bat izan da zuekin solasean ibiltzea! Milaesker galderak bidali dituzuenei eta BERRIAri, egunero egunero borroka feministari eskaintzen dion tarteagatik eta eztabaida politikoa sustatzeagatik. Muxu denoi!!!

12

G. Txoznetan askotan aldarrikatzen da berdintasuna baina iruditzen zait gero hori ez dela ordu txikietan erreflejatzen, eta gizonkeri asko ikusten dela, baita zenbait emakumeen partetik jarrera arin asko ere. Zer diozu? aurrera

E. Egunon! Egia da gune askeak lortze bidean lan asko gelditzen zaigula oraindik, jaiak ere jendarte honen errreflejua baitira. Gizonkeri edo jarrera arin horiek eremu guztietan ematen dira. Dena den, zenbait jai edo txosna batzordeetatik egiten den saiakera ezin dugu alde batera utzi, nahiz eta beti beti ez lortu guztiok gustora egoteko espazio bat. Denon ardura da, paper edo hitz politetan gure aldarrikapenak ez gelditzea eta errespetuan oinarritutako gune askeak eraikitzea.

11

G. Zein da jaien ikuspegi feminista? Zer esan nahi du horrek? Ikuspegi feminista eta emakumeon ikuspegia gauza bera al dira? Ni berdintasunaren aldekoa naiz, baina ez dut nire burua feministatzat. Askotan iduritzen zait hitz potoloetan geratzen zaretela feminismoa aldarrikatzen duzuenok, eta proposamen zehatzak falta dituzuela. Lore

E. Arrazoi izan dezakezu hitz potoloetan batzuetan sartzen garela esaten duzunean, baina ez nago ados proposamen zehatzak faltan ditugula diozunean, mugimendu feministatik gaur egun instituzioek garatzen dituzten hainbat bitarteko, tresna eta politika planteatzen direlako adibidez, askotan ez guk nahiko genukeen bezala baina tira. Ikuspegi feminista eta edo emakumeon ikuspegia guretzako behintzat ez da berdina, feminismoak jendartea eraldatzeko helburua duelako, zapalkuntza batekin amaitzea helburu duelako eta aldiz emakumeon ikuspegia ez du zertan hori izan behar. Berdintasunaren aldekoa izatea, pertsonen arteko beste harreman batzuengatik borrokatzea, nere ustez feminista izateko modu bat da. Ez ditut kontrajarriak ikusten inondik inora.

10

G. Gizonok isolatuta bizi ez garen momentutik, amak, arrebak, bikotekideak, alabak, ez al gara gu ere genero indarkeriaren biktimen parte bat? Ni aita bezala konturatzen naiz nire alabarekiko diskriminazioaz emakumea delako. Gainera, ni ere biktima sentitzen naiz nik jasotako kulturak ez zidalako aukera eman, nire semeak bere seme-alabekin duen harremana edukitzen. Ramon

E. Egunon! Jendarte orden honetan, patriarkal kapitalistan bizi garen momentutik denok pairatzen ditugu bere ondorioak noski. Baina egia da ere, gizon eta emakume izandatzen dituen pertsonak ez dituela posizio sozial berdinean kokatzen. Emakumeak eremu guztietan zapalkuntza bat jasotzen dugu, indarkeriarekin inposatutako zapalkuntza. Gizonek aldiz pribilegiotzat hartu daitezkeen elementu askoez gozatzeko aukera daukazue. Ados nago guztiongan eragina daukala esaten duzunean, baina ezin dugu ahaztu zein den zapaldua eta zein zapaltzailea.

9

G. Barkatuko didazu Miren: jaiak, matxismoa… Nagore Laffageren kasua burura etortzen zait. Matxismoa? klasismoa… Ez al da etsigarria gaur egun oraindik ere horrelakoak ikusi behar izatea? mikel

E. Nagore Laffageren kasua etsigarria baino guretzako amorrua eta haserrea pizten digun gertakari bat da. Zoritxarrez gainera ez bakarra. Egunero egunero entzuten baititugu patriarkatuaren eta kapitalismoaren ondorioz eta eraginez horrelako gertakariak. Emakumeon kontrako indarkeriak argi eta garbi erakusten digu ezin dugula herri feminista bat eraikitze bidean etsi, indarrak inoiz baino gehio aktibatu eta borroka ahalik eta eremu gehienetan aktibatzeko beharra azaleratzen digu.

8

G. Euskal lesbianismoa aktibaturik al dago? gaylestransfobiaren aurrean zer jarrera hartu beharko litzateke? mihia

E. Egunon! Zer esan nahi du euskal lesbianismoak? Euskal Herriko borroka lesbianista baldin bada uste dut, inoiz baino aktibatuago dagoela, edo behintzat oso indartsu. Mugimendu feministak ere aldarrikapen horiek barneratuak dituela uste dut eta hori lesbianen mugimendutik askotan aldarrikatu izan den elementu bat izan da. Petsonen arteko harreman berri batzuk behar ditugu, identitate anitz eta aldakorrei bide emango dieten harremanak. Gaylestransfobiaren aurrean ezin gara ixilik gelditu. Aukera sexual eta poliko horiek ikustarazi, balioa eman eta patriarkatuarekin amaitzeko duten gaitasunaz jabetu behar dugu.

7

G. zer iritzia duzu azkeneko hauteskundeak PLAZANDREOK parte hartzerekiko? Horrek laguntzen al dio emakume mugimenduari? bilbobadabil

E. Egunon! Plazandreok gisako aukera politiko bat existitzeak jendartean egiturazko arazo bat daukagula adierazten du. Emakumeez osatutako kandidaturak ordea ez dira inoiz gure apostu politikoa izan. Ez dugu ezer kontran, baina gure borroka beste norabide batzuetan ikusten dugu. Instituzioekiko konfrontazioan kokatzen gara, gaur egun udalak, diputazioak etab. badirelako jendarte ordena sostengatzen duten beste tresna bat. Dena den horrek ez du esan nahi elkarlanaren bidea ez dugunik jorratuko eta bide horretan noski, Plazandreok gure aliatu estuak dira.

6

G. Zorionak Miren Emakumeok Plazara ekimenagatik. horrelako zerbait beharrezkoa dela uste dut. Galdetu nahi nizuke, ordea, zure ustez non da beharrezkoagoa emakumearen presentzia indartzea, zein jaietan zehazki. Alardean adibidez garbi dago zer egin behar den. Zenbait ezpata-dantzetan badira urte batzuk emakumeek gizonen lekua hartu dutela. Sanferminak, Baionakoak… Eskerrik asko eta animo. muxu bat! Naiara

E. Mila milaesker! Egia esan Emakumeok plazara proiektuak oso harrera ona izan du kultur eremuan dabiltzan emakumeen artean eta pozgarria da oso. Gure ustez nahiz eta jai batzuetan ekimen diskriminatzaileagoak egon horrek ez du esan nahi beste ekimen txiki edo sotilagoetan zapalkuntza edo bereizkeriarik ez dagoenik. Zeinek prestatzen du gu guztiontzako bazkari goxoa festetan? Zeinek arropa garbitu? Zein da etxera lehen joaten dena? Zenbat emakume ikusten ditugu oholtzan? Jaiak detailez jositako egunak dira eta beste eremu guztietan gertatzen den bezalaxe, jaietan ere emakumeon zapalkuntzak adierazpen asko dauzka.

5

G. nola aportatu dezakegu gizonok gehien edozein inguru emakumeentzat ahalik eta egokien izateko? luki

E. Egunon! Pertsona guztiek jendarte justuago bat lortze bidean asko dugula esateko eta egiteko uste dut. Hasteko, sistema patriarkalak duen eraginaz jabetu eta bakoitza zein posizioetan kokatzen gaituen ikusi eta aztertu behar dugu. Gizonak kasu honetan, pribilegioen posizioan kokatzen ditu nahiz eta mugaz beteriko posizioa izan. Jendarteak eskaintzen dituen pribilegio horiek alde batera uztea da nere ustetan egin dezakezuen ekarpenik interesgarriena. Emakumeok esateko duguna entzun, baloratu eta elkarrekin bidea egin behar dugu. Askotan emakumeak gure iritzi eta ikuspegiak kontutan hartzen ez direla sentitzen dugu. Hori ekiditea abiapuntu polita litzateke!

4

G. Jai batzutan alardeak egiteko ohitura dago. Eta horretan emakumeen parte hartzeak iskanbila ugari sortu ditu.Nire kezka da zergaitik emakumeok gizonezkoekin berdintasun hori aldarrikatzeko asmotan, gizonezkoen eredura egin nahi izatea gauzak. Ni ez naiz arma bat hartzearekin identifikatzen,ezta gizonezkoen astakirtenkeriak egitearekin, zergatik ez dogu gure feminitatea gure erara egiteko gauzak balioesten eta indartzen? Gure nortasuna, gure bidea egin, eta gizartea aldatu emakumeen ikuspegitik,ez gizonezkoenetik, oker gagoz gizonkeriak egitearekin, nire ustez, zer uste duzu alardearen gaiaz emakumearen paperari dagokionez? Lamia

E. Kaixo! Ni pertsonalki ez naiz arma bat hartzearekin identifikatzen, baina emakumeok jaietan, baita alardean ere aukera berditasunaren aldekoa naiz. Egia da gizona zentrua daukan jendarte orden batean bizi garela eta asko daukagula aldatzeko, eredu berri asko amestu, asmatu eta eraikitzeko, baina aukera berdintasuna bide horretan jarri beharreko lehen harria dela uste dut. Emakumeok ikuspegi asko biltzen dugun kolektibo oso anitza gara, pertsonak oso anitzak gara zorionez. Denon aukerak tokia izango duten jendarte bat eta jai ereduak sortu behar ditugu.

3

G. Eup! Aizu Miren, jaiak parekideak egin baino lehen, ez al genuke lehenengo hori baino arazo grabeagoak diren beste batzuk konpontze aldera lan egin behar? Besarkada bat! Esti

E. Egunon! Egia da emakumeon zapalkuntzak eremu guztiak eta adierazpen anitz hartzen dituela. Baina beste batzuk batzuen irudikoz nahiz eta grabeagoak izan ez du esan nahi beste batzuetan ez dugunik lan egin behar. Gure jarduera feminista jendarte eremu guztietan eragina izan dezan lan egiten saiatzen gara, bai jaietan, emakumeon kontrako indarkerian zein enpleguan… Dena den guretzako jaiak esangura handia daukate. Jendartearen ideologia, elementu sinbolikoak jasotzen ditu eta bide horretan jaiak aldatzen goazen heinean jendartea ere aldatuko dugula uste dugu, jendarteko beste dimentsio batzuk aldatuta jaiak aldatuko ditugun bezalaxe.

2

G. Zein da Bilgune Feministaren jarrera instituzioekiko? Bildu agintean egoteak ezer aldatuko du? S.

E. Guretzako pozgarriak izan ziren Bilduren gisako aukera politiko batek izandako emaitzak. Gainera indar politiko abertzale eta ezkertiar bat instituzioetan egon al izatea eskenatoki berri bat irekitzen du Euskal Herrian. Itxaropentsu gaude, batetik Euskal Herriak behar duen aldaketa politiko eta sozial horri ateak ireki zaizkiolako eta bestetik instituzioetan ikuspegi feminista txertatzeko aukerak handiagoak ikusten ditugulako. Gure jarrera instituzioekiko konfrontazio politikoaren terminoetan ulertu behar dugu. Kaletik gure aldarrikapenak bideratzen jarraitu behar dugu, baina elkarlana ere sustatzea ezinbestekoa iruditzen zaigu. Mugimendu feminista ordezkatu gabe, instituzioek badute politika feminista bat garatzeko ardura.

1

G. Aupa Miren! Zalantza bat. Emakumeon jaietan dugun rola kulturala bada, nola gainditu dezakegu hori? Nola gauzatzen da Emakumeok Plazara egitasmoa jaietako dinamikan? Marta

E. Kaixo egunon! Emakumeon rola edota funtzioa kulturala dela esaten dugunean, jendarteak eraikia dela esan nahi dugu. Zaila da eremu bakarrean eraginda emakumeoi egokitu zaigun rola gainditzea baina jaietan eta espazio kultural ezberdinetan gure protagonismoa, ikuspegia txertatuta jaietako diskriminazio askorekin bukatu dezakegula uste dugu. Emakumeok plazara ekimena ez da jaietara mugatzen, baina jaietan isla berezia izan dezake, emakumeok produzitzen dugun adierazpen kultural anitzei tartea emanez. Askotan egitarauak begiratzean emakumeok ez dugu islarik, horri buelta ematea da emakumeok plazararen asmoa.

Advertisements

One thought on “Erantzun feministak Bilguneko Miren Aranguren

  1. tienes un blog muy interesante!!
    Saludos.

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s