Erantzun feministak Bilguneko Miren Aranguren

Miren Aranguren
miren-aranguren.jpg

Bilgune Feministako kidea

2011-06-23 – 10:00

Emakumeek eta gizonek jaietan parte hartze parekidea izan dezaten, Emakumeok Plazara proiektua abian jarri du aurten ere Bilgune Feministak. Jaietan etxeko lanak egiteaz gain, gizonek bezala parte hartzera deitu dute. Sexu erasoak salatzea ere helburu du. Jaietan ikuspegi feminista txertatzeko garaia dela uste dute.

Erantzundako galderak

13

G. Amaitu da elkarrizketa digitala. Eskerrik asko Mireni irakurleen galderak erantzuteagatik, eta eskerrik asko irakurleei galderak egiteagatik. BERRIA.INFO

E. Plazer bat izan da zuekin solasean ibiltzea! Milaesker galderak bidali dituzuenei eta BERRIAri, egunero egunero borroka feministari eskaintzen dion tarteagatik eta eztabaida politikoa sustatzeagatik. Muxu denoi!!!

12

G. Txoznetan askotan aldarrikatzen da berdintasuna baina iruditzen zait gero hori ez dela ordu txikietan erreflejatzen, eta gizonkeri asko ikusten dela, baita zenbait emakumeen partetik jarrera arin asko ere. Zer diozu? aurrera

E. Egunon! Egia da gune askeak lortze bidean lan asko gelditzen zaigula oraindik, jaiak ere jendarte honen errreflejua baitira. Gizonkeri edo jarrera arin horiek eremu guztietan ematen dira. Dena den, zenbait jai edo txosna batzordeetatik egiten den saiakera ezin dugu alde batera utzi, nahiz eta beti beti ez lortu guztiok gustora egoteko espazio bat. Denon ardura da, paper edo hitz politetan gure aldarrikapenak ez gelditzea eta errespetuan oinarritutako gune askeak eraikitzea.

11

G. Zein da jaien ikuspegi feminista? Zer esan nahi du horrek? Ikuspegi feminista eta emakumeon ikuspegia gauza bera al dira? Ni berdintasunaren aldekoa naiz, baina ez dut nire burua feministatzat. Askotan iduritzen zait hitz potoloetan geratzen zaretela feminismoa aldarrikatzen duzuenok, eta proposamen zehatzak falta dituzuela. Lore

E. Arrazoi izan dezakezu hitz potoloetan batzuetan sartzen garela esaten duzunean, baina ez nago ados proposamen zehatzak faltan ditugula diozunean, mugimendu feministatik gaur egun instituzioek garatzen dituzten hainbat bitarteko, tresna eta politika planteatzen direlako adibidez, askotan ez guk nahiko genukeen bezala baina tira. Ikuspegi feminista eta edo emakumeon ikuspegia guretzako behintzat ez da berdina, feminismoak jendartea eraldatzeko helburua duelako, zapalkuntza batekin amaitzea helburu duelako eta aldiz emakumeon ikuspegia ez du zertan hori izan behar. Berdintasunaren aldekoa izatea, pertsonen arteko beste harreman batzuengatik borrokatzea, nere ustez feminista izateko modu bat da. Ez ditut kontrajarriak ikusten inondik inora.

Irakurtzen jarraitu

Advertisements