PROSTITUZIOA dela eta…ikuspegi antiarrazista

images4.jpgBIZKAIKO SOS ARRAZAKERIAK DUELA EGUN BATZUK ARGITARATURIKO ERREFLEXIORAKO ARTIKULU INTERESGARRIA LUZATU NAHI DIZUET:

…Espainiar Estatuak pasaden urtean onartutako Salerosketaren Kontrako Planak onartzen du biktimek ez dutela bere egoera salatzen paperik gabe egoteagatik kanporatuak izateko duten beldurra dela eta. Plan horrek, hala ere, biktima bat babesteko, poliziarekin kolaboratu dezala exijitzen du. Baldintza hori onartezina iruditzen zaigu eta berriz ere emakumeen segurtasuna eta eskubideen gainetik mafien kontra egitea lehenesten dute.

Hona hemen paradoxa: Atzerritartasun Legea prostituzioaren fenomenoa larritzen duen arazo bat dela onartu beharrean, Bartzelonako alkatea bezalako politikariek prostituzioan aritzen diren etorkinen kontra biziki aplikatzea eskatzen dute. Hau da, poliziak ezin dituenez atxilotu beren jardueragatik, ez baita ilegala, kanporatze agindu bat irekitzen die egoera irregularrean egoteagatik. Emakumeak zapaltzen dituen prostituzioaren aurka egin nahi dutela dioten politikari berdinek zigor bikoitza proposatzen dute prostitutentzat: kanporatuak izatea gure gizartean ikustezin, eskubide gabe eta osasun fisiko eta emozionalari lotutako arazoak pairatzeko arriskuan bizi eta gero. Bestalde, edonor aurkezten da emakume hauek “salbatzeko” prest. Baina eurak eskatzen dutena ez da bizirauteko aukeratu duten estrategiatik salbatuak izatea, baizik eta ahotsa eta eskubideak dituzten hiritar gisa aintzat hartuak izatea.

Azkenik, mezu ugari daude prostitutei errua bota eta estigmatizatzen dituztenak, edo biktimizatzen dituztenak, errudunak esplotazio sareak direla argudiatuz. Baina ezer gutxi hitz egiten da prostituzioaren bizirautea ahalbidetzen duen beste kolektiboari buruz: puteroak. Ez legoke eskaintzarik eskaerarik gabe, baina eskaera horren bizirauteak eta jendartearen artean gero eta onartuagoa egoteak ez du ia hausnarketarik pizten.

Zer dago Mendebaleko gizon gazte baten buruan lotsa gabe kalearen erdian eskubiderik gabe bizi den eta hirugarren kategoriako hiritartzat hartzen den emakume batekin larrua jotzen diharduen bitartean? Prostituzioak emakumeak zapaltzen baditu, zergatik ez da ezer esaten zapaltzaileei buruz, hau da, negozioa elikatzen duten gizonei buruz? Genero ikuspegia daukaten sentikortze programa gehiago garatu behar dira, astialdian puten bila joatearen ideia arinaren aurrean sexu zerbitzuak ordaintzean gizonek betetzen duten papera ulertarazteko.

Ikuspegi antiarrazista eta feminista batzea ezinbestekoa da, hortaz, prostituzioa azaltzen dituen arrazoiak ulertzeko eta, hala, bidezko politika eraginkorrak garatzeko.

Irakurtzen jarraitu